2005-02-16 / 11:52
Iraunkortasunari buruzko inkesta
IRAUNKORTASUNARI BURUZKO DEBAGOIENAKO HIRITARREN PERTZEPZIO INKESTA
IRAUNKORTASUNARI BURUZKO DEBAGOIENAKO HIRITARREN PERTZEPZIO INKESTA
1987an iraunkortasunaren kontzeptua iritzi publikoari aurkeztu zitzaion lehendabizikoz. Gro Harlem Bruntland andereak koordinaturiko informe batean, Ingurumen eta Garapenaren Munduko Batzordeak eskatuta, gizateriaren geroa garapen iraunkorrari erabat atxikita adierazten da, hau da, gizarteak egungo beren beharrak ase behar baditu, ondorengo belaunaldien beharrak baldintzatu gabe izan beharko da.
Azken urteotan Lurralde Antolamendu eta Ingurugiro Sailetik batik bat, Tokiko Agenda 21eko prozesuak sustatu dira euskal udalerrietan, hain zuzen ere, 170 udalerri baino gehiago eta 17 Udaltalde 21 aurkitzen dira Tokiko Agenda 21aren ezarpenaren prozesuan murgilduta. Udaltalde horien artean aurkitzen da Debagoiena Udaltalde 21a.
Tokiko Agenda 21a konpromisozko ekimen gisara definitu genezake, etorkizuneko proiektu bezala, zeinetan agintari, herritar eta entitateek beren udalerriaren garapen iraunkorraren oinarriak ezarri behar dituzten.
Prozesu honetan, besteak beste herritarrek zer esan handia dute, hori dela eta, Debagoienako herritarrei kontsultatu zaie iraunkortasunaren arazoaren inguruan. Honela, ondoko gai hauetaz izan dira galdatuak Bergara, Elgeta, Antzuola, Leintz-Gatzaga, Oņati, Eskoriatza eta Aretxabaletako herritarrak (Arrasate ez da kontutan izan, izan ere, lehendik egina delako galdaketa hau): poztasun maila alor sozial, sozioekonomiko eta ingurumenekoan; beraien prestutasun maila eguneroko jarduerak eta ohiturak aldatzeko beti ere, eskualdearen iraunkortasunarekin erlazionaturik dauden jardueretan eta azkenik, eskualdeko mugikortasunarekin erlazionaturiko gaien inguruan. Ondorengo lerro hauen helburua, jasotako herritarren ikuspegi, iritzi eta pertzepzioen plazaratzea delarik.
Honela ba, Debagoienan bizi eta lan egiteko gune bezala nahiko gustura agertzen den biztanleria, eskualdeko biztanleriaren %63,4a da.
Biztanleriaren artean poztasun maila handiena sortzen duten gaiak ondoren aipaturikoak dira. Ingurugiroko alorrarekin loturiko gaietan, uraren kontsumo eta kalitatearen eta energiaren kontsumoaren inguruan agertzen dira gustuen. Bestalde, aipagarria da eskualdeko biztanleak seguru sentitzen direla, hau da, sentitzen duten segurtasun pertsonal maila altua dela. Esanguratsua da industriaren egoerarekin agertzen duten poztasun maila, kontutan izatekoa da eskualde honetan industriak duen pisua, hala nola, eskualde mailako balio erantsiaren portzentaia garrantzitsua suposatzen duelako sektore honek eta aldi berean, industrian biztanleriaren portzentaia handi batek lan egiten duelako.
Aldiz, biztanleriaren artean poztasun mailarik baxuena edo kezkarik gehien sortzen dituzten gaien artean, lehendabiziko postua etxebizitzaren arazoari dagokio, arazo honen harira, biztanleriaren %71,3a ez da batere gustura aurkitzen etxebizitzarako lorpidea, beren kalitate eta salneurriaren inguruan. Bestalde, gazteentzako zerbitzu kalitatea eta horniduraren falta sumatzen da. Alor sozioekonomikoan berriz, nekazaritza eta abeltzaintzaren egoeraren aurrean aurkezten dute poztasun mailarik baxuena. Azkenik, garraio publikoaren zerbitzu kalitate eta hornidurarekin biztanleriaren portzentaia garrantzitsu bat ez da gustura aurkitzen.
Honela, eskualdearen ingurumenaren egoera hobetzearren herritarrek agintariei zuzenduriko proposamen eta iradokizunetan, zer esan nabarmena dute kezka eta poztasun maila baxua lortu duten alor hauek, hori dela eta, alde batetik, etxebizitzaren arazoari konponbidea ezarri beharra sentitzen dute eta agintariei eskatzen diete neurriak hartzeko arazo honen inguruan. Bestalde, garraio publikoaren zerbitzuak hobetu behar direnaren eskaera luzatzen da.
Bestalde, Debagoienako biztanleei galdetzean zer nolako prestutasuna izango luketen beraien ohiturak aldatzeko, azpimarragarria da, ia %50a agertzen dela garapen iraunkorra lortzeko inbertsioetan tasa/zerga gehiago ordaintzearen aurka, gainera, iraunkortasunari buruzko bileretan modu aktiboan partehartzeko prestutasunaren inguruan ere portzentaia baxuak lortzen dira. Aldiz, esanguratsua da birziklapen selektiborako kontainerrak eta artikulu birziklagarriak eskuratzekoaren aldeko prestutasuna edo apustua egiten dutela.
Kontutan izanik, herritarren partehartzea beharrezkoa dela Tokiko Agenda 21a bezalako proiektu bat aurrera eramateko, nolabait esanguratsua da biztanleriaren %10 inguruk bakarrik aitortzen duela bere udalerrian Tokiko Agenda 21a bultzatzen ari denaren ezagutza duela.
Azkenik, aipatu Debagoienako biztanleen desplazamendurik gehienak eragiten dituen arrazoia lana dela, beste modu batean esanda, lanera joateko egiten dituztela desplazamendu gehienak. Aldiz, desplazamenduak eragiten dituen bigarren arrazoi nagusiena eguneroko erosketa litzateke. Bestalde, desplazamendurik gehienak oinez egiten dira, hala ere, auto pribatuaren erabilera ia maila berean kokatzen da. Beraz, garraio medioetan erabiliena autoa dugu. Alabaina, autobusaren erabilera urria da. Agian, garraio publikoaren erabilera eskasak zerikusia izan dezake biztanleriak sumatzen duen garraio publikoaren hornidura eta kalitate baxuarekin.
|