Lurralde Antolamendua
Mankomunitateak 1994an sortu zuen Lurraldearen Antolamendu Zerbitzua kontsulta-organo iraunkor gisa, udalerriz gaineko lurralde-eragina duten jarduerak detektatu, aztertu eta jarraitzeko.
Mankomunitateak 2003-2007 denboraldirako duen Plan Estrategikoak funtsezko aldaketa planteatzen du bai xedeetan eta bai horiek lortzeko baliabideetan, erreakziozko jarrera hutsen ordez jarrera proaktiboagoak hartuz.
Kontuan izanda lurraldearen antolamendua goragoko beste administrazio batzuen zeregin nagusia dela, eta kontuan izanda, halaber, Mankomunitateak indartsu eragin nahi duela eskualdeko garraioaren problematika konpontzeko, aldaketa hori bistaratzeko aurrerantzean MUGIKORTASUN ETA LURRALDE ZERBITZUA deitzea proposatzen da.
XEDEAK
Eskualde-ikuspegitik, politika adostu baterantz joatea, bai lurzoru- eta etxebizitza-gaietan eta bai eskualdeko mugikortasuna eta irisgarritasuna sustatzeari dagokionean.
PRINTZIPIO ERAGILEAK
- Jarrera proaktiboa bultzatzea, etorkizun-senarekin eta txokokeriazko, epe laburreko eta ideologia hutsezko ikuspegiak gaindituz.
- Zerbitzuaren onarpen instituzionala, topaleku eta erreferentzi leku gisa eskualde-eragina duten tokiko politikak eta jarduerak koordinatzeko eta eskualde-ikuspegia duten proposamenak eratu eta horien alde egiteko.
- Eskualdeko gaitasunak aprobetxatzea:
- Goragoko instantzietan negoziatzeko eta eragiteko gaitasuna izateko, adostasunean oinarriturik eta gizarte- eta ekonomi eragileen parte-hartzearekin.
- Gaitasun teknikoa izateko, mugikortasun- eta lurralde-gaietan interes komuneko arazoetara udal-teknikarien arduraldi edo dedikazioak sistematizatuz.
HELBURUAK
- Eskualdean egun dagoen industri jarduerari (aberastasun-sorkuntza, industri BPG-Barne Produktu Gordina, BEG-Balio Erantsi Gordina, lanpostuak...) eutsi ahal izateko lurzoru-eskaintza sustatzea, etorkizunerako trakzio-enpresa izango diren ekimenak eta proiektuak erakartzea, egungo biztanle-kopuruari eustea eta bizilagun gehiago erakartzea.
- Behar besteko etxebizitza-eskaintza bultzatzea, kalitatezkoa, eta bere tipologian eta baldintzetan eskatzaile-mota desberdinen premietara egokitua.
- Eskualdeko irisgarritasuna eta mugikortasuna sustatzea.